Gozatu mendiaz

Etxalar inguru natural pribilegiatua dauka, mendi, erreka eta basoez osatua. Honek denak gure herria leku paregabea bihurtzen du mendira ateraldiak egiteko modu desberdinetan, bai oinez, lasterka edo bizikletaz.

Badira ere neurri eta zailtasun desberdineko oinezko ibilbide balizatuak

SARRERA: BIDASOALDEA

Bidasoaldea da Nafarroa atlantiar eta hezeko ibar handiena. Baztango mendietan sortu eta Bertizarana, Malerreka eta Bortziriak zeharkatu eta gero, Txingudiko paduretan (Gipuzkoa eta Lapurdi artean) isurtzen ditu bere sedimentuak; ia 70 km-ko bidea egin eta gero, Bizkaiko itsasora ailegatzen da, Hondarribiko eta Hendaiako hondartzen artean.

Bortziriak dira Bidasoa errekak Nafarroan zeharkatzen duen azken eskualdea, itsasotik gertuen dagoena. Izenak adierazten duenez, bost herrik osatzen dute (“bortz” bertako euskalkian): Etxalar, Bera, Lesaka, Igantzi eta Arantza; 186 km2 ditu eta 8.500 lagun inguru bizi dira.

Etxalar Bidasoaren adarra den Tximista errekaren bazterrean kokaturik dago, urak bertara isurtzen dituzten errekez eta mendiez inguraturik. Udalerriaren dermioak 48,1 km2 ditu; bere biztanle gehienak (800) herrigunean bizi badira ere, asko dira baserri sakabanatuetan, auzoetan barreiaturik: Antsolokueta, Gorosurreta, Lakain-Apezborro, Larrapil-Sarriku, Lurriztiederra, Orizki eta Urritzokieta.

Gauza jakina da aurrehistorian ere gizakia bizi zela bertan. Harrezkeroztik etengabe eraldatu du bere ingurunea, basoa bereziki: hasieran, artzainak basoa bota zuen mendi larreak sortzeko; Erdi Arotik burdinolak hornitzeko eta aziendarentzako iralekuak zabaltzeko ustiatu zen. Baserriak, populamenduaren ardatza, nonahi agertzen dira sakabanatuak; hala ere, lurralde gehiena herri lurra da. Azkeneko hamarkadetan konifera asko eta asko landatu badira ere, bertako zuhaitza (pagoa eta haritza, bereziki) nagusitu da azkeneko urteotan.

ETXALARKO IBILBIDEAK

Mendizaleak aukera anitz aurkituko ditu inguru honetan: Etxalar Pirinio Atlantiarren bukaeran dago, Bizkaiko itsasotik gertu. Mendi txiki baina malda handikoak.

Etxalarko Udalak, Bertizko Turismo Partzuergoak eta herriko landetxeek eginiko lanaren ondorioz, eta Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuaren dirulaguntzaz, 6 ibilbide prestatu eta MEKNFaren (Mendi Federakundea) arautegiaren arabera homologatu dira; GR-11 ibilbidearen tarte batekin batera eskaintza anitza osatzen dute.

Horrez gain, herriko mapa-gida argitaratu da, oinarri kartografikoa ALPINA argitaletxeak emana. Bertan ibilbide hauek eta haien informazio xumea ageri dira. Mapa hau Bidasoaldeko herri eder eta zaindu honetako gunean barna egin daitekeen bisita autogidatu batekin osatzen da. Herriko ostatuetan eta hainbat saltokitan aurkitzen ahal duzu argitalpen hau.

Hona hemen 7 proposamenak, zure ahalmenaren eta ibiltzeko gogoaren arabera gozatu ahal izateko:
•    GR-11 “Pirinioko Ibilbidea”: Elizondo-Bera/Lesaka azken aurreko etapako tartea, lepoz lepo eta zailtasun handirik gabeko zeharkaldia (seinalizazio eskasa, erne ibili).
•    Zeharkaldiak, mendi bizkarrak eta tontorrak: Azkua (PR NA-12) eta Atxuria (PR NA-15eko lotura) gailurretara igotzen ahal zara, ikuspegi ederrez gozatzeko. Ez ahaztu sasoia eta oinarrizko trebakuntza behar dituzula.
•    Ibilbide tematikoak edo paseoak: prestakuntza fisiko txikiagoa eskatzen dutenak, lasai egitekoak. SL NA-5 “Argarata-Santa Krutz” (herriko inguruak ezagutzeko), SL NA-2 “Usategieta” (paisaia ederra eta usategien tradizioa ezagutzeko), SL NA-13 “Infernuko Errota” (oihana eta irin errotako lana ezagutzeko) eta SL NA-X “Zentinela” (lehenbiziko artzainek eraiki zituzten megalitoak ezagutzeko).

Ibilbide hauek gurutzatu egiten dira, eta elkarren osagarri dira. Haiek oinarritzat hartuta, zerorrek zure ibilbidea osatzen ahal duzu. Gozatu eta, bereziki, ONGI IBILI!!

Deskargatzeko: Mendi ibilbideen gida

 

aholkuak oharrak eu